Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/10

This page has been proofread.

BIGARREN ZATIA edo KOADROA

Agertzen da baserri etxea ezker aldean, goian leihoekin, eta sarbidea behean (etxekoa) sagardotegiko atea gordea edo bazterretik, etxe aurrean arbola eta kanpo gauzak, etxe kantoian aulki luzea, eta paretatik zintzilik ohol bat letra hauekin:

TXOTX BERRIA


HAMARGARREN IRUDIA.
X
Inazio (bakarrik)

INAZIO Soinekoz aldaturik horra etorri, goiz bazkaldu eta, Txintxuenera. Urruti egiten da, baina sasoiak dena alderatzen du. Agustin mutilzaharra nirekin batean zetorren eta hor bidean gelditu da zerbait egiten; itxoingo diot, laster da hemen. Hau leku patxadakoa! Hau paraje sanoa, hau brisa ederra nabaritzen den hemen. Bela betean noala iruditzen zait ollaxka tartean bateltxoari urak zirri eginaz. Ez dakit zergatik, baina nire bihotzean dardara gozo bat sentitzen dut. Hau atsegin gozoa, hau eztitasuna! Hau gozakai paregabea! Zein ederra eta pozgarria den alaitasun hau, bedeinkatua izan dadila Euskal Herria bere txoko, bazter, mendi eta zabalerarekin. Agustin ez da ageri (begiratuaz); baso bat sagardo edatera noa. Jainkoak estreina on digula eta probetxu ona egiteko grazia. Orain ikusiko dugu fama bezain ona ote den (eskuari txistu emanaz). Abiadura har dezagun eta segadan barrenera. (sartzera doala sartzen da Agustin.).

HAMAIKAGARREN IRUDIA
XI
Inazio eta Agustin (hau sartzen da kantari)

AGUSTIN «Inazio, gure patroi handia…»

INAZIO Hala ere! Bizi haiz?

AGUSTIN Uste diat baietz; ez al nauk ikusten?